Joan den larunbatean, apirilaren 20an, KAITek Ohiko Batzar Orokorra egin zuen Etxabarri-Ibiñan (Araba). Gai-zerrendako punturik nabarmenena estatutuak aldatzeko proposamena zen, azkenean aho batez onartu zena. Bertan, zuzendaritza-batzordea hautatzeko sistemaren aldaketa jasotzen zen, karguak zozketa bidez izendatzeko aukera aintzat hartuz.

KAITeko presidenteak, Iñaki Ugarteburuk, zuzendaritza batzordeak egungoa ordezkatuko duen hautagaitza bat aurkitzeko egindako saiakerak alferrikakoak izan direla azaldu zuen. Egoera hori ikusita, erakundearen estatutuetako artikulu pare bat aldatzea planteatu zen, 16. eta 31. artikuluak, karguak aukeratzeko sistemari eta elkartekideen betebeharrei buruzkoak, hurrenez hurren. Ekimen honen helburua “elkartearen jarraipena bermatzea” da.

Hala, onartutako aldaketaren ondoren, 16. artikuluak honako hau ezartzen du: “Hautagairik ez badago, zozketa egingo da Batzar Nagusian. Zozketa bidezko izendapenari uko egin ahal izango diote azken 8 urteetan zuzendaritzako kide izan direnek”. Eta, 31. artikuluan, aldaketa bat sartu da eta, horren arabera, “bidezko arrazoirik izan ezean, bozketa edo zozketa bidez izendatutako Zuzendaritza Batzordeko karguak onartzea eta erantzukizunez betetzea”.

Bestalde, Zuzendaritza Batzordeak aurreko Batzarretik egindako jarduerak azaldu zituen, besteak beste, Udal Kirol Politiken XIV. Topaketen antolaketa Agurainen, izena emandako 133 pertsonen parte-hartzearekin, edo KAITen hileroko buletinaren sorrera (14 ale argitaratu dira dagoeneko). Antolamenduari dagokionez, hainbat zereginetarako lantaldeak inplementatzearen garrantzia nabarmendu zen: Eusko Jaurlaritzarekiko harremana; Komunikazioa; Kirol Politiken Topaketa; Ekitaldiak eta Behatokia.

Datozen hilabeteei begira, datorren maiatzaren 8an Ana Vallejo MQSostenible Sport & Green Events-eko CEOarekin egingo den afari-tertulia azpimarratu behar da.

Eguna biribiltzeko, bola-partida bat eta anaitasun bazkaria egin ziren.