‘Kirola gizarte berri baten aurrean’ izenburuarekin, Euskadiko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren VIII. Biltzarra urriaren 24an eta 25ean egingo da Basauriko Social Antzokian, hain zuzen, 2024 urte olinpikoan Kirolaren Europako Hiri izendatu duten Bizkaiko udalerrian.
Euskadin kirola eta jarduera fisikoa sustatzen duten erakundeak elkartuko dira topaketan, kudeaketan duten jakintza handitzeko asmoz.
Adituen hitzaldi eta eztabaida-mahaien bidez, egitura dinamikoa eta iritziak trukatzeko aukerak eskainiko ditu Biltzarrak. Era berean, posterren eta workshopen bidez, ezagutza eta esperientzia berriak ikasi, aztertu eta partekatzeko foroa izango da.
Biltzarrak hiru bloke nagusi izango ditu: ‘Nori? Gizartea’, ‘Nola? Eredua’ eta ‘Non? Espazioak’. Etorkizuneko euskal gizartea azaltzeko hitzaldi markoa egingo da.
Programaren lehen blokea ostegun goizean egingo da, urriaren 24an, eta euskal gizartea aztertzea izango du ardatz: aldaketak, bilakaera eta etorkizun hurbilenean jarriko du arreta, herritar aktiboagoak lortzeko helburuarekin. Lehenengo hitzaldian, kirolak gizarte berrira egokitzeko izango dituen aldaketa nagusiak zehaztuko dira. Mahai-inguru batek Euskadik aurretik duen erronka demografikoa, migrazioaren eragina eta dibertsitate funtzionala eta belaunaldikoa landuko ditu. Lehen bloke honetan José Luis Larreak (Deusto Social Lab), Juan Aldazek (UPV-EHU), Blanca Ordóñezek (Haszten) eta Ekain Larrinagak (Bilboko Udala) parte hartuko dute, Pilar Kaltzada kazetariak moderatzaile lanak egingo ditu.
Arratsaldean, bigarren blokeak Udal Kirol Zerbitzuen (UKZ) eredua izango du ardatz: nolakoak izan behar dute 2030. urtean? Nola garatu beharko da egungo udal zerbitzuaren eredua bere jatorrizko helburua bete dezaten, hau da, kirola unibertsala izatea eta gizartearen ongizatean laguntzea? Hitzaldiek hainbat gai jorratuko dituzte, hala nola, egungo eta etorkizuneko kirol-ohiturak, herritarren eskaerei nola erantzun, epe ertainerako UKZen egitura-formula eta -eredua, eta sektore publikoaren eta pribatuaren arteko harremana. Bigarren blokean Marian Ispizua (UPV-EHU), Juanan Compañón ‘Konpa’ (KAIT), Iratxe Ruesgas (Sport Studio), Fernando París (FAGDE), Manuel Abajo (Barakaldo Kirolak) eta Josune Gorospe (Bizkaiko Foru Aldundia) arituko dira mahai-inguruan.
Hirugarren eta azken blokea ostiral goizean izango da, urriaren 25ean, eta kirolespazioak, etorkizuneko kiroldegiak eta hiri aktiboak izango ditu hizpide: kirolinstalazioek nolakoak izan behar duten etorkizunean, kaleak, herrietako eta hirietako plazak kirol-jarduerara txertatzeko bideak aztertu eta espazio publikoak modu libre zein partekatuan erabiltzeko gakoak identifikatzea. Hirugarren bloke honetan Jorge Yélamosek (GO fit), Sergio Sernak (TECH friendly), Maite Morteruelek (UPNA) eta Karitte Alegríak (ideas4innovation) hartuko dute parte. Juanma Murua moderatzaile lanetan arituko da.
Horrez gain, Basaurik, Kirolaren Euskal Biltzarra ospatzen duen udalerriak, 2024ko Kirolaren Europako Hiria izateko egin duen bidea partekatuko du. Era beran, azken hamarkadan Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren arloan egin dituen garapenek eta datozen urteetan iristeke daudenek herritarrei ekarriko dieten ondarea ere azalduko du. Jon Zugazagoitiak (Basauriko Udala) eta Luis Solarrek (OTSp) hartuko dute hitza. Amaierako hitzaldia Raúl Martínez de Santosek (UPV-EHU) emango du eta gako nagusiak ikuspegi kritiko eta eraikitzailearekin laburbilduko ditu.
Biltzarrean zehar, hitzaldi eta mahai-inguruekin batera, hiru workshop ere egingo dira: ‘Jarduera fisikoaren orientazio zerbitzua’ (Athlon), ‘Nola hobetu dezakegu adingabearen babesa kirol inguruneetan?’ (Kunina-Zain) eta ‘LED teknologiaren demokratizazioa’ (Mondo). Azkenik, proiektuak, ikerketak edo esperientziak posterren bidez aurkezteko guneak eskainiko ditu Biltzarrak. Proposamenak aurkezteko deialdia irailaren 15era arte dago zabalik.
Kirol Eskolak, Eusko Jaurlaritzaren kirol prestakuntzako online eskolak, 2024ko Kirolaren Euskal Biltzarraren inguruko informazioa, bideoak eta komunikazioak eskainiko ditu sare sozialen bidez.
KAIT, Kirol Arloko Iritzi Taldeak, antolatzen du Kirolaren VIII. Euskal Biltzarra, Eusko Jaurlaritza, Kirol Eskola, Bizkaiko Foru Aldundia eta Basauriko Udala erakunde babesleekin batera.
PROGRAMA kontsulta ezazu.
Honako estekan IZENA EMAN dezakezu.