BIDEZKO BANAKETA LANTZEN
KIROL POLITIKAK UDALERRIETAN, XII. TOPAKETAK
1966an, Europako Batzordeak, kirolaren inguruan, Denontzako Kirolaren ideia hasiberria bere egin zuen, lehentasunezko helburutzat, aisiaren eta denbora librearen eta emakume eta gizon bakoitzaren eskubideari lotuta. 50 urte baino gehiago pasatu dira, kirol-praktika asko zabaldu da, eta nahiz eta Denontzako Kirola terminoa jada ez den erabiltzen, esan dezakegu kirola herritar guztientzako eskubide bat izatearen helburua ez dela bete % 100ean.
Udaleko kirol-kudeaketan lan egiten dugunok ohituta gaude erronkei aurre egiten, eta kirola egiten dutenen kopurua handitzea izan zen planteatu ziguten lehen erronketako bat. EAEko administrazio publikoek, apustu argia eginez, kirol-praktika zabaltzea eta sustatzea bultzatu dute, eta praktika-mailak esponentzialki handitu dira; planteatutako erronketan lehena eskuratu da.
XXI. mendeko bigarren hamarkadan, erronka berriak ditugu aurrean; besteak beste, kirola egin nahi duten guztiak kirolean sartzea edo kirola erabiltzea bazterketa arriskuan daudenak integratzeko.
Udaletako kirol-politiken XII. topaketetan, urrunago iritsi nahi dugu, eta hausnartu zein rol jokatu behar duten kirol-politikek udalerrien (berr)eraikuntzan. Berriz ere diogu gainditu egin behar dela ikuspegi sektorial tradizionala, eta zeharkako ikuspegi baterantz ibili, kirol-praktiken beraien zentzua berriz kodifikatzen ahaleginduz, herritartasuna eraikitzeko. Kirol-praktika sustatzeak ez du mugatu behar beharrizan “osagarriei” erantzuna ematera: berriz ere esanahia hartzen ari dira, oinarrizko beharrizan gisa, baita herritartasun oso baterako eskatzeko moduko gisa ere.
Ikuspegi berri horrek, ezinbestean, ekitatea kirol-politiken kudeaketan sartzearen erronka orokorrarekin aurrez aurre jartzen gaitu; geure buruari galdetzen diogu zer rol jokatu duten kirol-politikek (zer egin dugu gaur arte?), baina, gainera, zer rol nahi dugun jokatzea (zer egingo dugu etorkizunean?), gure etorkizuneko udalerriak eraikitzean.
Erronka hau bereziki konplexua da, eta aliantza berriak eraikitzeko beharra dugu, normalean “txandala daramatenak” kontuan hartzen ez dituzten bidelagunekin. Gizarte Zerbitzuak, bazterketa-arriskuan dauden pertsonekin lan egiten duten GKEak, gutxiengo etniko eta/edo erlijiosoen elkarteak eta abar. Erronka berri poliedriko eta konplexu honek harreman berriak osatzea eskatzen du, elkarrekin sortzeko prozesu batean, non kirolaren zentzua bera herri-proiektu den heinean birplanteatuko baita.