Eibarrek nota onarekin gainditu du 2023an Kirolaren Europar Hiria izateko erronka. Iaz, kirolarekin lotutako 250 ekitaldi baino gehiago hartu zituen. Horregatik, Udalak balorazio positiboa egin du, eta nabarmendu du bete direla hartutako konpromisoak bai ACES Europerekin, titulua eman zion erakundearekin, baita eibartar guztiekin ere.

“27.000 biztanleko herri batean gurean bezalako elkartegintza edukitzea, hainbeste kirol-ekimen egotea, hainbeste kirol-klub izatea, Ipuruako, Unbeko eta Orbeako instalazioak edukitzea, eta, gainera, gimnasio pribatuak egotea, ez sinesteko modukoa da. Lanean jarraituko dugu Eibar kirol hiria izan dadin”, adierazi du Jon Iraola alkateak.

2023an egindako jardueren artean, nabarmentzekoak dira “Euskal Herriko Itzulia eta Coliseo Antzokian egindako aurkezpena; Ipuruan kirol-instalazio berriak eta eraberrituak egiteko aurreproiektua; kirol-erronka ugari abiaraztea Wellk aplikazioaren bidez; Juggerreko munduko txapelketa, mundu osoko 600 pertsona erakarriz; edo San Juan jaietan egiten den boxeo-gaualdia, beste askoren artean”.

Gaur egun, Eibarrek 12.325 herritar ditu abonatuta Udalaren kirol-instalazioetan, hau da, eibartarren % 45ek antolatutako egituren babesean egiten dute kirola. “Ipuruako kiroldegia erabat berritzeko eta gainerako instalazioetarako material berriak erosteko lanean ari gara”, nabarmendu du Iraolak.

Iturria: www.eibar.eus