Joan den asteartean, irailaren 26an, Bilbon egin zen ‘Es de Futuro’ eztabaidarako azken jardunaldia. Kirol Kontseilu Gorenaren (CSD) Fundación Deporte Joven-ek bultzatutako programa da, kirolaren etorkizunari buruzko ideiak bateratzeko. Ekimenak izaera parte-hartzailea du, eta hainbat gaitan adituak diren eta lagundu nahi izan duten herritar guztien iritzia jaso du.

KAIT-ek ordezkaritza izan zuen Bizkaiko hiriburuko B Accelerator Tower-en, eta bertan izan ziren Iñaki Ugarteburu presidentea eta Clemen Sevilla presidenteordea. Horrez gain, FAGDEn dauden kirolaren kudeaketarako elkarteen beste ordezkari batzuen konpainia izan zuten: Fran Alarcón, AGDCMko (Gaztela-Mantxa) presidentea; Eva Benito, ACGEPeko (Katalunia) idazkaria eta Xavier Enguix, AGEPIBeko (Balear Uharteak) presidenteordea.

‘Es de Futuro’ eztabaidako hirugarren eta azken jardunaldi honetan, ‘Kirola fenomeno ekonomiko gisa’ izan zen eztabaidagai. Victor Francos, CSD-ko presidenteak, ekitaldiari hasiera eman zion bide telematikoz, ‘Etorkizuneko Programa’ bat eraikitzearen alde eginez, “Espainiako kirolak eragile ekonomiko, sozial, hezitzaile eta balioen erreferente izaten jarrai dezan beharrezkoak diren politika publikoen oinarriak ezartzeko”.

Francosekin batera, Felix Jordan de Urríes eta Alfonso Arroyo, hurrenez hurren Fundación Deporte Joven-eko eta Plataforma España Deporte-ko zuzendari nagusiak ere mintzatu ziren, baita tokiko agintariak ere, hala nola Gorka Iturriaga, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria, eta Itxaso Erroteta, Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol zinegotzia.