“KAITengandik hartutakoa nik emandakoa baino dexente handiagoa izan da. Zorretan nago”
Zergatik zaude KAITen? Zer ematen dizu?
Pertsona jakin batek gainontzeko bazkideei nire izena proposatu zielako eta besteek onartu zutelako nago KAITen.
Baina pertsona horren barrenean arakatuz, ni KAITen egotearen aurrekariak eta zergatiak ulertuko ditugu. Pertsona hau Soin Hezkuntzako Euskal Erakundeko nire irakaslea zen. Eta gaur egun bertako irakasle izaten jarraitzen du, EHU barneko erakunde bihurtu den honetan.
Irakasle honek, beste hainbat irakasleren gisara, ikaslegoarekin sortzen zuen harremana erabat naturala, aurrez aurrekoa eta gozagarria zen. Irakasle eta ikasleen arteko harreman hierarkikoa erabat hausten zuen. Eta datu hau aipatu beharra dago, KAITen oinarrian loratzen den “buen rollo” hori hemen jaiotzen dela uste baitut.
Orduko SHEEn eta egungo KAITen bereizgarria handi bat hauxe da: ezagutza, jakituria eta ikaskuntza partekatzeaz gain, harreman osasuntsuak eta dibertigarriak sortzea ahalbidetzen du. Eta osagai hauek guztiak profesional bikaina izatea bilatzen duen pertsona baten eraikuntzan oso garrantzitsuak dira.
Aitortu beharra daukat, dena den, harreman hau erabat desorekatua izan dela, KAITengandik hartutakoa nik emandakoa baino dexente handiagoa izan baita. Zentzu horretan, zorretan nago.
Aipa itzazu nabarmendu nahi dituzun lorpen profesional batzuk.
Nire ibilbide profesional osoa eta bakarra Ermuan garatu dut, udal mailako kirolaren eta jarduera fisikoaren sustapena zeregin nagusi gisa izanik. Eta zentzu honetan, nire lorpen handiena lantalde zabalago batek burututako lanaren baitan oinarritzen dela uste dut: Ermuko kirolaren eta jarduera fisikoaren ekosistemaren egonkortzea eta trinkotzea.
Egungo Ermuko kirol sistemak oinarri sendoak dituela uste dut, etorkizuneko begirada argi eta zehatz batekin. Halere, amaigabeko helburu honen erdiespenean, aipatu beharra dut kudeaketa eraginkorra burutzeko udal mailan eta tarteka probintzia zein autonomia mailan jaso ditudan orotariko baliabideak eta tresnak oso onak eta nahikoak izan direla.
Era berean, azpimarratu nahiko nuke bide honetan eragile nahiz pertsona ororekin harremantzeko estiloari eman diodan garrantzia, beti ere eman eta hartu hau konfiantzazkoa, begirunezkoa eta elkar elikatzekoa izan zedila saiatu baitnaiz, baita bestearengandik beti zer ikasia izango nuenaren aldez aurretiko jarrerarekin ere.
Duela gutxi ikasi duzun eta gurekin partekatu nahi duzun zerbait kontatuko diguzu?
Feminismoaren uretatik asko edaten ari naiz azken urteotan. Marina Garcés, Lorea Agirre, Idurre Eskisabel, Angela Davis, Uxue Alberdi, Minna Salami edo Anna Gabriel moduko pertsonengatik ikaragarri ikasten ari naiz.
Feminismoak lan praktiko eta teoriko handia egin du naturalizazioaren ideologiaren azpian dagoen zapalkuntza agerrarazten. Eta zentzu horretan menderakuntza oro (gizarte mailan, talde dinamiketan, elkarrizketetan, harremanetan…) oso ondo identifikarazten lagundu dit, nire kasuan gizon izate hutsak berekin dakartzan pribilegioen kontzientzia hartuz eta horrek mundu honetan ematen didan abantailazko lekuaren jakitun izateko.
Nire buruaren eta bizitza ikusteko formaren eraldaketarako sekulako aurkikuntza izan da, egunero pertsona hobea izaten laguntzen didana.
Kirolaren kudeaketaren etorkizuneko erronka nagusiak
Julieta Venegasek bere kanta entzutetsu batean abesten duen bezala: “hay tantos caminos por andar…”.
Dena den, erronka berriak zerrendatzen aurretik, iragan hurbilean gure lan eta jardun eremuan mahaigaineratu genituen erronkei artez edo moldez heldu diegun aztertzea komenigarria litzateke, etengabeko hobekuntzak aurretik egindako lanaren ebaluaketa baitakar ezinbestean.
Baina, erronka berri edo gaurkotuei helduta, ezberdinduko nituzke, alde batetik, jarduera fisikoaren eta kirolaren sustapenari berezkoak zaizkion erronkak, erronka espezifikoak izango liratezkeenak, eta bestetik, gizarte gisa komunean ditugun erronkak, gure eremuari ere eragiten diotenak.
Gure eremuko erronka espezifikoei dagokionez, aurretik gure kideei egindako elkarrizketetan azaleratutako bi nabarmenduko nituzte:
- Mariasun Mirandak zein Inma Martínez-Aldamak aipatzen zuten Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera fisikorako eta kirolerako lanbideetara sartzeari eta jarduteari buruzko ekainaren 30eko 8/2022 legea garatu, aplikatu, jarraitu eta kontrolatzea, profesional eta eragileek, kirolean parte hartzen duten aktore gisa, lanbide honetan jarduteko behar adinako gaitasuna izan dezaten, eta ongizate fisikoa eta jarduera fisikoa eskatzen duten pertsonek zerbitzu seguruak jaso ditzaten zaintzeko.
- Euskadiko jarduera fisikoaren eta kirolaren 2/2023 lege berriak kudeatzaileon eskura jartzen dituen baliabide eta herraminta berriak geure egitea eta behar bezala garatzea.
Bizi dugun gizarteak dituen erronka komunei eta gure eremuari ere eragiten diotenei dagokionean, gure eginhalak bide hauetatik joan beharko liratezkeela uste dut:
- Feminismotik hartutako irakaspenetatik, gaur egun kirola ere emakumeen eta gizonen desberdintasuna iraunaraztea bermatzen duen espazioa izanik, beharrezkoa dugu kirol egiturak eta eremuak ezbaian jartzeko tresna teorikoak dituzten emakume feministak erabaki-organoetan sartzea/egotea eta horretarako bideak erreztea, gizonok albo batera eginez.
- Herrigintzatik, eta zehazki, kooperatibismotik hartutako irakaspenetatik, etikoki eta moralki derrigorrezkoa zaigu gure lan erak saretzea eta sare hauek egonkortzea, bai lanean dihardugun instituzioko bestelako alorrekin, baita komunitatea osotzen duten bestelako eragileekin ere (kirol, hezkuntza, migrazio, aniztasun kultural, hirigintza, osasuna, etab…). Herritargoak ez du gure departamentalizazioaren gaitz endemikoa zertan pairatu behar eta praktika oker horren ezin du betiko iraun. Bestetik, akademiarekin (Unibertsitatearekin) elkarlanerako ildoak era naturalean eta jarraian finkatu behar ditugu; puntako ezagutza etxe alboan dugu eta ez gara elkar elikatzen ari.
- Ekologismotik hartutako irakaspenetatik, eta bizi dugun bioaniztasunaren krisialdi aintzat hartuta, jarduera fisikoaren sustapenak duen aztarnaren jakitun izan behar gara, baliabide naturalen kontsumoa ongi neurtuz eta ezagutuz. Ondoren, balio hauen inguruan erabakiak hartzea dagokigu. Balio hauek modu publikoan mahaigaineratu behar ditugu prozesu demokratikoagoen, parte hartzeko prozesuen eta eztabaida-prozesuen bitartez.
- Euskalgintzatik hartutako irakaspenetatik, euskararen benetako murgiltzea bermatzeko eta haur eta gazteen hezkuntza proiektuak osotasunean garatzeko, hezkuntza ez-formalaren euskalduntzean dugun ardura erdigunean jartzea ezinbestekoa da, euskara haurren ikasgela barneko jardunaren maila berean jarriz. Horretarako, jolasa hari gisa hartuta, kirol esparruko une eta gune bakoitza euskalduntzeko eta gune horiek hezitzaile bihurtzeko testuinguruak berrantolatzea dagokigu, haurrek euskara modu espontaneoan erabil dezaten. Euskal Herrian baditugu sobera eredu bide hau modu sistematikoan jorratzen hasteko.
- Orotariko burujabetzaren alde dihardutenengandik jasotako irakaspenetatik, informazioaren teknologiak eta azpiegiturak edota datuak biltzeko eta gordetzeko erabiltzen diren teknologiak, bat etorri beharko lukete herritarrak bizi diren herrialdeko legeekin, beharrekin eta interesekin. Erabiltzaileen datuak zein erabiltzaileei buruzko informazioa ez liratezke herritarrek kontrola ezin dezaketen agenteen esku geratu beharko. Segurtasuna beti izan da dirdira handirik gabeko ofizioa, baina geroz eta inbasiboagoa zaigun ingurune digitalean, arduragabekeria handia litzateke antolatu duten egitura zertan ari den jakingo ez bagenu bezala jokatzea. Horrexegatik beragatik, pribatutasunaren defentsa eta datuaren jabetza, honenbestez, giza eskubideen aldeko beste borroka esparru bilakatzen da, are zerbitzu publikoa eskaintzen ari garen eremuetan.
- Justizia sozialaren alde dihardutenengandik jasotako irakaspenetatik, KAIT kide dugun Juan Aldaz Arregik mahaigaineratutako hitza maileguan hartuko dut: “EkitAktibo”. Juanek, maisuki, hala zioen “Gipuzkoa EkitAktiboa Ikerketa-Aktibatzailearen emaitzak” lanean: “Gutxi batzuek herritar gehiengoaren errealitatea kudeatzen dute eta, gainera, baliabide nahiz azpiegitura ezberdinekin. Hori nabarmena da azterturiko jardunbide arautuetan zein herrietako lan dinamika ezberdinetan. Susmoa dut egitura birsortzaileak direla ekitatearen perspektibatik eta, ondorioz, aukera paregabea galtzen ari direla gizarte are eta EkitAktiboagoaren alde lan egiteko. Bestela esanda, uste dut ‘egin daitekeena’ egiten ari garela eta ez ‘egin beharko litzatekeena’”. Etorkizuna irudikatzeko gonbita egiten zigun bere ikerketa lan honetan gizarte desberdintasunarekin loturiko dimentsio sozioekonomikoak (adina, generoa, osasun psikofisikoa, klase soziala eta etnia) beti ere abiapuntu izanik. Maila bat gehiago izateko asmoarekin. Lan honek bere txikitasunean bidea egiten laguntzen zuen. Hemendik nire esker ona bidea erakusteagatik.
Eta pertsonalki…
1. Gomendatu liburu bat – Oro har, norbere bizipenen gertutasunetik eta errealitatetik sortzen diren arte eta kultur lanak erakartzen naute, izan liburu gisa, izan margo, performance, filma edo disko gisa. Zentzu honetan, Uxue Alberdi idazle elgoibartarraren “Dendaostekoak” liburua asko gozatu nuen. Bi ahizpek gidatzen duten herriko denda xume baten kronika literarioa da, eta, bide batez, garai historiko batena. Saiakerei dagokionez, gustoko ditut Jon Sarasuaren jasokinak, hainbat liburutan kaleratu dituenak. Bestetik, gaztelaniazko literaturari dagokionez, azken urteotan eleberri grafikoak edo komikiak irakurtzera zaletu naiz. Ta, esparru honetan, Alfonso Zapicoren “La Balada del Norte” lau liburukitako obra bikaina iruditzen zait. Eleberriei dagokionez, Almudena Grandes idazlearen “El Corazón Helado” obrak nire barrenak astindu zituen, nire familian 36ko gerrak eragindako minen aztarnak ikertzen ari nintzen garaian irakurtzea suertatu zitzaidan-eta.
2. Musika-talde bat – Azken hilabete hauetan erabat obsesionatuta nauka Ibil Bedi talde nafarraren “Goldea” diskoak. XXI. mendeko euskal musikagintza modernoan mugarria dela uste dut. Bestetik, nire seme Martinen jaiotzaz geroztik, Pirritx eta Porrotx pailazoen diskoak dira etxean nahiz kotxean gehien entzuten ditudanak, baita Oskorriren zein Txirri, Mirri eta Txiribitonen kantak ere, semeari esker berriz ere entzungai baititut urte askoren ondoren. Euskal musika eszenatik kanpo eta bide konbentzionaletatik aldenduz, Fetén Fetén bikote gaztelarraren eta Caamaño & Ameixeiras bikote galizarraren doinuek nire gorputzarekin eta arimarekin bat egiten duten doinuak dira.
3. Bisitatzeko toki bat – Hemen ere txikitasunara eta gertutasunera joko dut. Bisitatzeko, baina batez ere, bizirik sentitzeko toki horrek La Parte de Sotoscueva du izena, Burgosko Merindad de Sotoscueva udalerrian kokatzen den herri txikia, amaren, amamaren eta nire arbasoen sorlekua dena. Nire izaeraren oinarria, mundua bizitzeko eta begiratzeko era, natura eta pertsonak maitatzeko eta eurekin harremantzeko moduek, hemen dute jatorria.