Eibarko Udalak, Wellk start-uparekin batera, erronka berri bat jarri du martxan, eibartarren artean jarduera fisikoa sustatzea helburu duena, adina edozein dela ere, nahiz eta adinekoei bereziki zuzendutako ekimenak egingo diren.
Hala, ekainaren 23ra arte, erronkan parte hartu nahi duten pertsonek izena eman ahalko dute Wellk aplikazio bidez, eta ahalik eta kilometro gehien pilatu oinez ibiliz. 25 kilometrotik gora erregistratzen dituzten pertsonen artean, bi lagunentzako afari bat zozketatuko da herriko ostalaritza-establezimendu batean; hala, zenbat eta kilometro gehiago egin, orduan eta aukera gehiago egongo da saria irabazteko.

Era berean, herritarrak erronka honetan inplikatzeko eta irisgarriago izateko, Eibarko Udalak intentsitate baxu-ertaineko hiru ibilaldi osasungarri antolatu ditu ekainaren 9, 16 eta 22an “Eibar Ibilixan” ibilbideetan. Hiru ibilaldiak 10:00etan hasiko dira Anbulatorioko parketik eta gida bat egongo da. Kiroleko arropa eta telefono mugikorra eramatea gomendatzen da.
Zailtasun gutxiko jarduera bat denez, pertsona nagusiei zuzenduta dago bereziki, sektore horretan kirola egitea sustatu nahi baita. Gainera, kirola egitea sustatzen duten teknologia berriekiko interakzioa eta sarbidea erraztu nahi da, Wellk aplikazioaren bidez.
Programatutako 3 ibilaldiak hasi baino lehen, Wellk-eko arduradun batek lagundu egingo die parte-hartzaileei aplikazioa instalatzen eta martxan jartzen.
Iturria: eibar.eus