Bizkaiko 52 udalerrietako kirol-zinegotzien, kirol-teknikarien eta alkateen artean 100 pertsona baino gehiagok parte hartu zuten urtarrilaren 30ean Bizkaia Frontoian Foru Aldundiak Bizkaiko udal kirolaren arduradunkin antolatu zuen lehen topaketan.

Topaketaren helburuak honako hauek izan ziren: alde batetik, Bizkaiko udal-kirolaren arduradun guztiekin biltzea; bestetik, Kirol Zuzendaritza Nagusiaren programak azaltzea; eta, azkenik, udal-kirolari buruz hitz egitea.

Topaketaren lehen zatian, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Kirol Zerbitzuak xehetasunez azaldu zituzten Kirol Zerbitzuaren ildo estrategikoak, atal bakoitzeko programa eta jarduera nabarmenenak azalduz.

Bigarren zatian, “Elkarlana” izenekoan, mahai bakoitzean banatutako hainbat taldetan lan egin zen, bertaratutakoen profilen arabera.

“Elkarlana” atalean hainbat gai planteatu ziren, honako eremu hauetarako hobekuntza-proposamenak bilatzeko:

  1. Kirol Zuzendaritza Nagusiaren programak eta zerbitzuak
  2. Kirol-eragileak, elkarte-ehuna eta profesionalak
  3. Eskola kirola
  4. Kirol-espazioak eta -azpiegiturak

Parte-hartzaileei aukera eman zitzaien, halaber, Bizkaiko Foru Aldundiko Kirol Zuzendaritza Nagusiak gauzatu beharreko zerbitzu, programa eta jarduera berriei buruzko proposamenak egiteko, beren udalerrietako ikasleen eskola-kirola praktikatzeko arazoak azaltzeko, eta beren kezka eta ebazpen-proposamenak azaltzeko kirol-arloarekin gehien kezkatzen dituen gaiaren inguruan.

Azkenik, galdetegi bat betetzeko eskatu zitzaien, honako galdera hauekin: “Parte hartuko al zenuke instalazioetara egindako bisitetan?”, “Interesatuko al litzaizuke kirol-gaiei buruzko azoketara joatea?”, “Parte hartuko al zenuke Bizkaiko Foru Aldundiak egindako jardunaldietan?”, “Zer formatutan eta nola bilduko ginateke?” edo “Interesatuko al litzaizuke zure udalerrian topaketaren bat egitea?”

Bizkaiko udal kirolaren arduradunen lehen topaketa honek, udalerrien eta Foru Aldundiaren artean ahaleginak, programak eta ezagutzak errotzeko eta koordinatzeko balioko du.

Iturria: Bizkaia Foru Aldundia